Xeiak eta ospakizunak
Garilaren 16aren, Karmengo Amaren egunaren bueltan ospatzen dira herriko xeiak, 4 egunez. Ekitaldi hauek antolatu ohi dira: auzoetako bazkaria, herri-askaria, adinekoei omenaldia, musika-emanaldiak, herri-kirolak, haurrentzako jarduerak…
Beste ospakizun batzuk
Inauteriak
Uztarrozen xei txiki eta xumea izaten da. Herriko bizilagunak plazan biltzen dira 13:00ak aldera inauterietako pertsonaia -Aitanditxarkoa- kalejiran paseatzeko.
Ondoren, herri bazkaria egiten da, herriko musikariek alaiturik. 20:00etan Aitanditxarko erre eta euskal dantzak dantzatzen dira. Gauean festak herriko tabernan jarraitzen du.
Dona Grazi eta Babesaren Ama
Aprilaren 16an eta garilaren 2an ospatzen dira, hurrenez hurren. Meza eta aperitiboa izaten da.
Mugen eguna
Agorrileko azken asteburuan Pirinioez bestaldeko bizilagunekin elkartzen gara, larraintarrekin, herrien arteko mugak berrikusi eta komunean ditugun gaiak aztertzeko. Ondoren, elkarrekin bazkaldu, abestu eta dantza egiten dugu.
Uskararen eguna
Erronkariera ospatzeko eguna, Erronkaribarko jatorrizko hizkuntza. Urte bakoitzean ibarreko herri desberdin batean egiten da xei herrikoi hau, Kebenko elkarteak eta dagokion herriko jendeak antolatua.
Trukoak
Uztarrozen, neguarekin batera iristen dira ere Olentzero eta Mari Domingi etxe gehienetara. Euskal mitologiako bi pertsonaia hauek ibarreko zazpi herrietakoren batean ikus daitezke, Erronkariko eskolako ikasleez inguratuta. Ibarreko eskolatik, urtero bi pertsonaia hauek herri bat bisitatzen dute, eta opariak eskatzen dituzten haurren gutunak bildu eta goxokiak, ogi-mamiak eta txokolatea ematen dizkiete.
Baina Uztarrozen oso berezia da trukoen ohitura. Urtarrileko lehen egunetan herriko txikienak kalez kale ibiltzen dira trukoak (zintzarriak) astintzen Ekialdeko Errege Magoei deitzeko.
Mostrenkoak
Leinabentuan uztarroztarren bikoteak (herritik kanpokoak) elkartzen dira mostrenkoen eguna ospatzeko. Bazkaria eta dantza egiten dute.
Bibabaguas
Bigarnabentuaren 26an herriko txikiak janari eta gozoki eske joaten dira urtean ezkondu diren eta Udalean sartu diren pertsonen etxeetara (zinegotziak, bake epailea…).